“BIKAIN ziurtagiri ofiziala lortzeko nahia dugu klinikan”

Gaurtik aurrera Euskaraldiarekin bat egingo dugu Asunción Klinikan. Hori dela eta, Euskararen batzordeko kidea den Idoia Ruiz elkarrizketatu nahi izan dugu Euskarak klinikaren barruan duen tokiari buruz hitz egiteko, abian dugun Euskaraldiari buruzko xehetasun gehiago emateko eta hurrengo urtera begira ditugun helburuen berri emateko.

Nolakoa da gaur egun Euskarak duen tokia klinikaren barruan?

Egia esan, oso toki gutxi du gaur egun. Langile asko euskaldunak gara, baita erabiltzaile gehienak ere, hala ere, erabilera oso bajua da, oso dokumentazio gutxi dugu euskaraz, ez dago lehenetsita ez barne eta ez kanpoko komunikazioan, sare sozialetan, formakuntza saioetan... Gure artean ere asko jotzen dugu gaztelaniaz egitera euskaldunon artean egon arren, horretarako betiko aitzaki berdinak erabilita noski "badagoela ulertzen ez gaituen norbait" edo "laneko hizkuntza gaztelania dela". Parteak ere gaztelaniaz dira, baita bilerak ere.


Badakigu klinikan euskaraz hitz egiteko joeraren inguruko esperimentu bat eraman duzuela aurrera. Zertan datza?

Neurketa bat egiten ari gara, lankideon artean dugun euskararen erabilera zenbatekoa den jakiteko. EMUN kanpo erakundeko Koldo hilero elkartzen da euskara batzordeko kideokin, besteak beste ideia edo aukerak azaltzen ditu, bertatik atera zen neurketa hau egitearen ideia. Horretarako, solairu edo gune bakoitzean laguntzaileak izan ditugu euskara batzordekoek klinikako txoko bakoitzeraino iritsi ahal izateko. Emaitzak aste honetan jasoko ditugu eta Euskararen Nazioarteko Egunean kaleratuko dira.


“Aurreko urteko Euskaraldiak eman zituen emaitzak oso onak izan ziren, baina Euskaraldiak iraun eta gerora ere emaitza onak ematen jarraitzea gustatuko litzaiguke”

Zer espero duzue aurten ere klinikaren barruan aurrera eramango dugun Euskaraldiarengatik?

Baikor gaude. Lehengo urtean Euskaraldiak oso harrera ona izan zuen orokorrean Euskal Herrian eta klinikan bertan ere parte hartzaile asko izan genituen. Ekimenak iraun zuen bitartean, gainera, euskararen erabilera handiagoa izan zela ikusi genuen. Hori dela eta, aurtengoan gure kontura ere Euskaraldiari errepikapena ematea erabaki dugu klinikan. 

Espero dugu arrakasta izango duela eta, modu batean, euskararen erabilerak gora egitea bai Euskaraldiak irauten duen bitartean, baita gerora ere. Parte hartzaileen artean gainera sari bat zozketatuko da Euskaraldiaren azken egunean, Euskeraren Nazioarteko Egunean alegia.

Zein helburu dituzue 2020 urtera begira klinikaren barruan?

Helburu asko ditugu, esan bezala gauza asko aldatu behar baitira. Oraingoz helburu txikiak betetzen saiatzen ari gara eta guneka proiektu txikiak ezartzen diardugu. Kontsultetako erizainen artean adibidez, EUSLE metodologiarekin aritu gara urte hasieran eta mantenukoekin ere martxan jartzeko asmoa dago. Korrikan ere parte hartu genuen, kilometroa erosi eta lankideak euskaraz egin dezaten motibatzeko, besteak beste.

Badugu gainera, BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko nahia eta horretarako lanean ari gara hilero egiten ditugun bileretan. Ziurtagiria eskuratu ahal izateko erakundeak ebaluazioa jaso eta gainditu behar du. Ebaluatzaileek Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertuko dituzte euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko eta hori guztia ondo lotuta uztea gure esku dago.




44 vistas
  • Facebook - círculo blanco
  • Twitter - círculo blanco
  • Blanco Icono LinkedIn

Asunción Klinika intranet

Ayúdanos a ser mejores

Deja aquí tus propuestas de mejora, del tipo que sean. Las estudiaremos y elevaremos al dpto. que corresponda y les daremos respuesta a través del blog. Todas los mensajes son anónimos.